XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HIZKUNTZAREKIKO AMODIO GARTSUA

Joxe Austin Arrieta.

Oro har, ados nago Joxe Lizarraldek dioenarekin.

Neuri ere gauza bera gertatu izan zait makina bat aldiz.

Anekdota aski esanguratsu gisa, zera esango nizueke, badudala, alegia, neure gelako gau-mahaitxoaren gainean euskal elaberri bat, argitaratu eta handik egun gutxitara erosi nuena urte eta erdi bada, gutxienez, baina, ahaleginak eginda ere, ezin izan dut orain artean 50. orrialdetik edo aurrera jo, eta ez pentsa gaia interesgarri ez zaidalako edo egitura eta horrelako istorioak traketsak iruditzen zaizkidalako denik.

Ez: hizkuntza dut oztopo..., hizkuntza eta inprimategi-akatsak.

Hori da bestea: erdara sendoetan ere tarteka edo, are, maiz samar inprenta-iratxoakderiztenak agertzen badira, gure hizkuntzazko izkribuetan ageri ohi direnak, iratxo ez ezik, dinosaurioak ere badirela esan beharko dugu deblauki.

Askotan euskal testu bat irakurtzea alamen hutsa da, egiazki.

Eta nahiko alamen, alamein, stalingrado eta hiroshima badugu geure herri honetan bestela ere, horrezaz gain gauero geure burua irakurketa-saio oinazetsuekin nekarazten ihardun beharrik gabe.

Nik beti pentsatu izan dut senaz pentsatu, beharbada, arrazoibidez baino areago literaturgintzarakoan inportanteena ez dela mezua, are gutxiago teknika, hizkuntzarekiko amodio gartsua baizik.

Idazten duzun hizkuntzaz zeharo maitemindurik egon beharra duzu, ezer tajuzkorik egingo baduzu.

Nire ustez, azken hogei urteotan literatur saltsetan sartuta ibiliak garen idazle gazteok (huummm, ez dakit dagoeneko zilegi zaigun, burusoildu eta ileurdindutako gurditzarroi, adjetibo eder horrekin hornituta bazterrak haizatzen ibiltzea), bada hori: guk, gure belaunaldiko literaturgile edo literaturzale jendeak-eta, ez dut uste jasan ditugun influentzia teoriko eta praktikoak behar den neurrian egosi edo dijeritu ditugunik.

Eta hau esatean, ez dut inola ere nolabaiteko mea culpa kolektibo bat entonatu nahi, ezta gutxiagorik ere: gauza onak ere, eta dexente gainera, egin ditugulakoan bait nago; gure aurretiko literaturaren impasse hura, sasi-bukolismoz eta klerikalismo moralizantez jositako hura, gogotik saiatu ginen astintzen, baita, neurri batean behintzat, lortu ere.

Ideologia katoliko, apostoliko eta erromatarra itsastea eta zabaltzea helburu ia bakartzat zuen literatura ihartuxe haren arbolari sapa berria txertatu genion, beste ideologia bat, edo batzu, beste ikuskera bat edo batzu..., baita literaturgintzaren ideologia berria deituko nukeen zerbait ere: formalismoaren adorazioa.

Baina, beharbada, gure kalkuluetan eta, batez ere, praxian, gauza bat itzuri zitzaigun, askotan datu nabarmenenak, hain zuzen, izaten bait dira errazkien baztertu ohi direnak: gure zaharrek guk baino askoz ere hobeto, askoz ere sakonkiago, menderatzen zuten euskara.

Horratx zelako gauza xinplea baina garrantzitsua.

Hala ere, eta bukatzeko, ez nago, agian, Joxe Lizarralde bezain ezkor gure literaturaren panorama ikusita.

Etorkizunera begira nahiko baikor ere banago.

Uste dut orain eratzen ari den literaturgile-belaunaldi berriak ez duela, beharbada, gureak zuen adina aurreiritzi, eta, sasi (ideologia) guztien gainetik eta hodei (snobismo) guztien azpitik, erdietsiko duela helburua: euskaraz ONGI eta SAKON idaztea.

JOXE AUSTIN ARRIETA UGARTETXEA.